XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Animaliek plazerraren erakargarritasunari esker gordetzen dute beren izate partikularra; eta erakargarritasun horrixe esker kontserbatzen dute beren espeziea.

Lege naturalak dituzte, sentimenduaren bidez lotuta daudelako; ez dute lege positiborik, ordea, ez daudelako ezagutzaren bidez lotuta.

Hala ere, beren lege naturalak ez dituzte beti eta modu aldaezinez betetzen.

Landareek, zeinetan ez baitugu ez ezagutzarik ez sentimendurik sumatzen, hobeto betetzen dituzte.

Animaliek ez dituzte guk ditugun abantaila handiak, baina guk ez ditugun batzuk dituzte.

Ez dituzte gure itxaropenak, baina ezta gure beldurrak ere; gu bezala, heriotzaren zordun dira, baina ez dute ezagutzen; gehienak gu baino hobeto kontserbatzen dira, eta ez dituzte beren grinak hain oker erabiltzen.

Gizakia, izaki fisiko den aldetik, lege aldaezinek gobernatzen dute, beste gorputzak bezala.

Izaki adimendun den aldetik, ordea, etengabe hausten ditu Jainkoak ezarritako legeak, eta aldatu egiten ditu berak jarritakoak ere.

Bere mugak eta guzti, gidatu egin behar du bere jokabidea; adimen mugatu oro bezala, ezjakintasunaren eta errorearen zordun da, eta are bere ezagupen ahulak ere galdu egiten ditu.

Sorkari sentikor gisa, hamaika grinaren mende dago.

Halako izaki bat une oro ahaz liteke bere Sortzaileaz, baina Jainkoak erlijioaren legeen bitartez deitzen dio.

Era berean, halako izaki bat une oro ahaz liteke bere buruaz, baina filosofoek galarazten diote, moralaren legeen bitartez.

Gizartean bizi izateko jaioa, ahaztu egin liteke besteez, baina legegileek bere betebeharretara deitzen diote, lege politiko eta zibilen bitartez.

II Naturaren legeez

Lege horiek guztiak baino lehen, naturarenak daude.

Gure natura edo izaeratik datozelako deitzen zaie horrela.

Ondo ezagutzeko, gizartea sortu aurretiko gizakia kontsideratu behar da.

Naturaren legeak, gizaki horrek egoera hartan jaso zituenak lirateke.

Gure baitan sortzaile baten ideia txertatu eta sortzaile horrengana garamatzan legea, lege naturaletan lehena da garrantziz